PROIEKTUAK

Antzuolako Eskolako curriculuma, ikasleek aukeratutako proiektuen bitartez antolatu eta garatzen da. Lehen urteetan, ekintza eta pentsamendua banandu ezinak direnez, irakasle taldeak jokoa bultzatuko duen ingurune material eta sozial bat diseinatzen du, non adin ezberdineko haurrak elkartuko diren. Ikasleak gero eta adin txikiagokoak izan, orduan eta denbora gehiago pasatuko dute ingurune honetan eta bertan banakako eta talde txikiko proiektuak sortuko dira. Bigarren denbora baten, gela-taldea, adin berdinekoak, espazio berean elkartzen dira hitz egiteko, eta elkarrizketa horietatik sortuko da taldearen proiektua. Eskolako lehen urte hauetako proiektuek garapen laburra izaten dute eta adinean aurrera egin ahala gorpuzten joaten dira eta beren iraupena poliki-poliki luzatzen.
Tutoreak, ikasleek proiektu horrekiko dituzten galdera eta egin nahi dituzten ekintza proposamenak jasotzen ditu eta plan bat aurreikusten du, beti ere diziplinartekotasun eta globaltasunari erantzungo diena. Burutu ahal izateko, ikasleek informazioa bildu beharko dute, ikertu, aurkitu, elaboratu dutena jaso, konpartitu; hainbat gauza adostu beharko dute, galderak eta hipotesiak  formulatu, ikerketa bide berriak proposatu, e.a. Horrela, aztertze eta komunikatze  prozesu iraunkor baten bitartez, proiektua amaitu arte. Proiektuak, amaieran, eskola komunitatearekin partekatuko dira,  ikasleek gauzatutako erakusketa eta azalpen baten bitartez: egindakoa kontatuko dute, izan dituzten arazoak eta hautatutako soluziobideak, izan dituzten sentimenduak, e.a, guzti hau adierazteko baliabide ezberdinak  erabiliz.